HABI

Bi urte eta gehiago dira Habi loratu zela. 2018. urtean sortu zen, Jon Ander Artola eta Yeray Gascon taldekideen bideak gurutzatuta. Villabonan jaioak dira biak, eta musikarekiko pasioak elkartu zituen haien bideak.

Horren emaitza da Habi: Jon Anderren bateriaren indarra eta Yerayren gitarraren soiltasuna, azkenaren ahots bereziaren osagarri. Batu eta sei hilabetera plazaratu zuten zortzi kantu biltzen dituen lehen lana: ‘Loratu‘.

Konfinamendu garaian iritsi da bigarrenaren proiektua: azken hilabeteetan sortu dituzten abestiak bildu, findu eta bigarren disko batean jaso dituzte: ‘Koloreak’. Paisaia ugari eta koloretsu baten ispilu da bilduma, eta, hain justu ere, paisaia horren zati da ‘Harri’, bigarren lanaren lehen aurkezpen kantua: erritmo biziz eta jostariz josia. Bigarren aurkezpen kantu gisa ‘Pareidolia’ aukeratu dute, iluntasunean murgildutako melodiez osatutako abesti indartsu bat. Lehen lanaren kasuan bezala, zortzi kantu dituen lana egin dute, Elkar estudioetan Victor Sanchezen gidaritzapean ekoitzia.