HABI

HABI 2018an sortu zen, Jon Ander Artola eta Yeray Gascon taldekideen bideak gurutzatuta. Villabonan jaioak dira biak, eta musikarekiko pasioak elkartu zituen haien bideak.

Horren emaitza da Habi: Jon Anderren bateriaren indarra eta Yerayren gitarraren soiltasuna, azkenaren ahots bereziaren osagarri. Batu eta sei hilabetera plazaratu zuten zortzi kantu biltzen dituen lehen lana: ‘Loratu’.

Konfinamendu garaian iritsi zen bigarren proiektua: azken hilabeteetan sortu zituzten abestiak bildu, findu eta bigarren disko batean jaso zituzten: ‘Koloreak’. Paisaia ugari eta koloretsu baten ispilu da bilduma, eta, hain justu ere, paisaia horren zati da ‘Harri’, bigarren lanaren lehen aurkezpen kantua: erritmo biziz eta jostariz josia. Bigarren aurkezpen kantu gisa ‘Pareidolia’ aukeratu dute, iluntasunean murgildutako melodiez osatutako abesti indartsu bat. Lehen lanaren kasuan bezala, zortzi kantu dituen lana egin dute, Elkar estudioetan Víctor Sánchezen gidaritzapean ekoitzia.

2021ean Villabonakoek, Bermeoko ETXEKALTE taldearekin batuta eta ELKAR estudioen laguntzarekin, ‘ARIMAK DENBORAN’ single bikoitza grabatu zuten. Berriro ere Víctor Sánchezen gidaritzapean. Bi kantu, bi taldeen estiloak nahastuta eta istorio bakar bat kontatzen dutenak. Sei lagunen harremana eta pasioa batzen denean gertatzen dena.

Lehen diskoaren argitaratzetik lau urte pasa ondoren, laugarren estudioko lana aurkeztu du Habi taldeak: ‘Helmuga’. Lau kantuz osaturiko EP bat da: musikari buruz mintzo den eta musikari berari omenaldi bat egin asmo dion lan bat. Estilo askotarikoak nahasi dituzte lau abestietan, orain arte urratutako ibilbidean ikasitako gauza guztiak horietako bakoitzean islatuz.

Hain justu ere, ‘Gardena’ aurrerapen abestia da horren guztiaren erakusle. Apirilaren 13an plazaratu zuten. EP osoak bezala, musikari buruz hitz egiten du: haien bizitzetan egin duen bideaz eta musika talde bat sortzeak izan ohi dituen argi-ilunez. Diotenez, horrelako proiektu bat aurrera eramate hutsa zaila izan ohi da, eta, horregatik, haien inguruan dituzten musikariak eta musika bera omendu nahi izan dituzte. Horretarako, erritmo dantzagarri eta melodia jostariak erabili dituzte, bi kideko talde bat izanagatik ere zaleen buruak eta gorputz askotarikoak mugiarazteko nahiko baliabide dituztela erakutsiz.